XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. GALTZAUNDI aldizkariak 50 zenbakietan zehar Tolosaldeako berriak plazaratu ditu.

Zer diozu GALTZAUNDIk izan duen ekarpenaz?

2. Aldizkaria proiektu berrietan murgilduta dagoela eta, zer erantsi edo zer kenduko zenioke egungo aldizkariari?

Martxelo Otamendi

Euskaldunon Egunkaria

1. Gaztelera nagusi den merkatuan, inork gaztelerazkorik argitaratzen hasi baino lehenago, euskarazkoa atera izana da merituetako bat, baina ez bakarra.

Beste bat: gaztelera nagusi den herrietako kronikei aurre egiteko tresna sortu izana.

Beste bat: irakurgai erraz, interesgarri eta hurbilekoen bitartez euskaraz bi lerro segidan irakurri ez dituen Tolosaldeko jende asko euskaraz irakurtzen jarri izana.

2. Hamabosterokoa egiteko aukera (taldea, berrien ugaritasuna, gutxieneko azpiegitura teknikoa, diru laguntzak...) izanez gero hamabostekoa egin.

Tolosaldeko herri txiki bakoitzak bere orri propioa izan beharko luke.

Bilatu orri horien finantziabidea herrietako udaletan.

Maria Morales

El Mundo/Tolosa

1. Nik uste dut GALTZAUNDI aldizkariak ibilbide polita egin duela Tolosan.

Nire iritziz herri honetan aldizkari hau beharrezkoa da eta horregatik galtzea pena haundia izango litzateke.

Tolosako xehetasunak, nola bizi den jende xelebrea, zer pentsatzen duen, etabar, aldizkariari esker ezagutu ditut, adibidez.

2. Orokorrean aldizkaria ondo dago.

Niri bidaiei buruzko gauza gehiago irakurtzea gustatuko litzaidake.

Tolosako jendeak edo beste lekuetakoak bidai interesgarri bat eginez gero, GALTZAUNDI aldizkarian azaltzea ez litzateke gaizki egongo.

Aldizkaria bultzatzeko diru gutxi izango dela suposatzen dut, baina ahal den neurrian bidai liluragarriei buruzko artikuluak irakurtzea polita izango litzatekeelakoan nago.

Miren Elosegi

Deia/Tolosa

1. GALTZAUNDI egiten ari den lana txalogarria da.

Tolosaldean zegoen hutsunea betetzen duelako.

Aldizkari honetan biltzen den informazioak Tolosaldeko gauzak ezagutarazten dizkigu, ezezagunak diren ekintzak, jendearen berriak, bitxikeriak etab.

Herri bat bere kultura eta sustraiak ezagutuz sendotu eta aberastu egiten da eta GALTZAUNDIren lana inportantea da zentzu horretan.

2. Gaur egun ingurugiroarenganako errespetu eta kontzientzian hezitzea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Horregatik informazio moeta hori natura sekzioan edo beste nonbaiten sartzea interesgarria izango litzateke.

Jende askok irakurtzen du GALTZAUNDI aldizkaria, beraz komunikabide ona izan daiteke arlo honetan ikasten hasteko.

Karmele Elizaran

Egin/Tolosa

1. Ekarpenik handiena hizkuntzari dagokio.

Aldizkari osoa euskaraz izatean, hizkuntza bultzatu du eta jendea euskaraz irakurtzea ohitu du.

Bestalde Tolosaldeko jendea hobeto ezagutzeko balio izan du eta eskualde mailako harremanak sendotzen lagundu du.

2. Koloreetako orriak erantsiko nituzke.

Elkarrizketa gehiago tartekatuko nituzke; herri mailan diren taldeei arreta gehiago eskainiz.

Erreportaiak luzeagoak eta sakonagoak landuko nituzke.

Bidaiei buruzko erreportaiak sartu, bakoitzak bere esperientziak kontatuz.

Internazional atal bat sartuko nuke ere.

Zergatik ez dugu jakin behar zer gertatzen den Kuba, Finlandia, El Salvador edo Tibeten?

Ziur Tolosaldeko jendea bizi dela paraje haietan.